martes, 23 de septiembre de 2008

Errekako Pilotariak Nafarroako Txapelketan

Errekako Pilotariak Nafarroako Buruz buruko Txapelketa ari dira jokatzen. Hona hemen www.ttipi.net web gunetik ateratako informazioa.

TTIPI-TTAPA

Nafarroako buruz buruko pilota txapelketako zenbait partida jokatu dituzte aste honetan Doneztebeko Erreka elkarteko pilotariek. Honela, jubenil mailan, irailaren 16an, Unai Iparragirre aranztarrak 18 eta 7 irabazi zion Txarutako Antton Jauregiri Labriten. Larunbatean, berriz, Arbizun jokatu zuen Iparragirrek eta 18 eta 11 irabazi zion Zugarraldeko Loban-i. Beraz, Nafarroako txapelketako bi koxka gainditu ditu aranztarrak. Irailaren 20an, larunbatean, berriz, jubenil mailako bertze kanporaketan, Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 7 irabazi zion Bi-Aizpe elkarteko Eñaut Iraolari. Arbizuko pilotalekuan, Errekako jubenil mailako bi pilotarien arteko norgehiagoka jokatu zen eta beraz, ezin biek pasatu! Azkenean, Mikel Kanpo iturendarrak 18 eta 7 irabazi zion Imanol Juanena urroztarrari.

Kadete mailari dagokionez, Mikel Maia lesakarrak hirugarren koxka ere gainditu zuen larunbatean Labriten, Aldabideko Agirreri 18 eta 14 irabazita. Beraz, Agesta, Lumbreras eta orain Agirre gainditu ditu Maiak, bere defentsa bikaina eta buru hotzari esker. Lodosan igandean jokatutako partidan, aldiz, Errekako Irail Zestauk 7 eta 18 galdu zuen Irutzungo Idoaterekin. Zestau ongi hasi zen, baina gero ez zuen bere egunik onena izan eta kanporaketetan hori ordaindu egiten da.

No hay comentarios: