lunes, 9 de marzo de 2009

PILOTA TXAPELKETAREN FINALAK: EMAITZAK

Larunbat honetan jokatu dira Errekak antolatzen duen Eskuz binako Txapelketaren finalak. Erran dena ederki atera zela, eta jenda aunitz bildu zela Doneztebeko Frontoian egun guztian zehar. Ondoren http://www.ttipi.net/ web orrian agertzen den informazio jartzen dizuegu, egunaren laburpena ederki egin dutelako, guk eginen genuena baina aunitzez konpletoagoa:

Erreka elkarteak zazpigarren urtez antolatutako eskuz binakako pilota txapelketaren finalak larunbatean jokatu ziren Doneztebeko pilotalekuan, goiz eta arratsaldez.

Goizean, kategoria ttikienetakoak aritu ziren: benjamin mailan, Umore Onako Anton Apezetxea eta Errekako Iker Salaberria goizuetarrek 18 eta 12 irabazi zieten Azpeitiko Ilunpeko Alberdi eta Balerdiri. Alebin mailan, Atarrabiako Beti Onak taldeko Ayesa eta Iruritak 18 eta 12 irabazi zieten Burlatako Zugarraldeko Pedroarena eta Eskiroz-i. Infantiletan, Leitzako Aurrerako Iparragirre eta Olanok 18 eta 5 irabazi zieten Zugaraldeko Larrunbe eta Alduntzin-i.


Bazkalondoan final nagusiak
Santamaria jatetxean ederki bazkaldu ondotik, arratsaldean jokatu ziren falta ziren finalak. Kadetetan, Etxarri Aranazko Gure Pilota taldeko Ijurra eta Lasa, Andoaingo Ariztimuño eta Ulangaren kontra aritzekoak ziren, baina azkenean, etxarriarren ordez, Mundarroko Sanchez eta Errekako Zestau aritu ziren. Hauek galdu egin zuten. Ariztimuño eta Ulangak 18, Sanchez eta Zestauk 13. Jubeniletan, Hondarribiako Manterola eta Zazpi Iturriko Arzelusek 18 eta 14 irabazi zieten Hernaniko Arrieta eta Azpitarteri. Bigarren mailako senior kategorian, Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Oier Apezetxea goizuetarrak eta Zubirik 22 eta 11 irabazi zieten Errekako Imanol Baleztena zubietarra eta Huarteko Kortabarriari.

Esnal eta Gorrotxategi Txapeldun Elite mailan
Senior elite kategorian, azkenik, ez zen kolorerik izan. Hernaniko Esnal profesional ohiak eta Gorrotxategik 22 eta 5 irabazi zieten azken hiru urteetako finaletan izan den Renobales eta Koldo Galarragari. Hernaniarrek 800 euroko saria jaso zuten eta Aurrera Saiazekoek 700 eurokoa.

Errekako bigarren mailako finalak ere
Baina txapelketa nagusiaz gain, Errekak bere pilotariendako ere banakako eta binakako txapelketak antolatzen ditu eta finalak ortziralean eta larunbatean jokatu ziren Buruz buruko finalak ortziral arratsaldean jokatu ziren. Benjamin 2B kategoriako final estuan, Saldiasko Ibai Erasunek 18 eta 17 irabazi zion Sunbillako Gorka Antuñari. Benjamin 2A kategorian, Doneztebeko Mikel Lana 18 eta 11 irabazi zion Donamariako Beñat Lazkanori. Alebin 2B kategorian, Goizuetako Iker Salaberriak 18 eta 3 irabazi zion Donamariako Asier Baztarrikari. Alebin 2A kategorian, Sunbillako Julen Juankorenak 18 eta 7 irabazi zion Lesakako Joel Oronozi. Infantiletan, Legasako Jon Mikelarenak 18 eta 11 irabazi zioon Urrozko Javier Saldiasi eta kadetetan, partida bikain eta gogorrean, Lesakako Mikel Maiak 18 eta 17 irabazi zion Doneztebeko Irail Zestauri. Binakako finalak berriz, larunbat goizean jokatu ziren, txapelketa ofizialeko finalak baino lehen. Benjamin 2B kategorian, Aurtizko Hodei Aioroa eta Saldiasko Ibai Erasunek 18 eta 15 irabazi zieten, Sunbillako Gorka eta Asier Antuñari. Benjamin 2A kategorian, Donamariako Beñat Migeltorena eta Beñat Lazkanok 18 eta 12 irabazi zieten Gazteluko Eneko Lorente eta Doneztebeko Mikel Lanari. Alebin 2B kategorian, Doneztebeko Julen Larretxea eta Urrozko Julen Saldiasek 18 eta 16 irabazi zieten Elgorriagako Aritz Arrieta eta Donamariako Asier Bazterrikari. Alebin 2A kategorian, Doneztebeko Dani Moran eta Sunbillako Julen Juankorenak 18 eta 15 irabazi zieten Donamariako Nando Inda eta Lesakako Joel Oronozi. Infantiletan, Doneztebeko Dani Moran eta Legasako Jon Mikelarenak 18 eta 13 irabazi zieten Urrozko Ibai Iribarren eta Javier Saldiasi eta kadetetan, Urrozko Ibai Juanena eta Lesakako Xabier Karrionek 18 eta 13 irabazi zieten Lesakako Mikel Maia eta Iturengo Julen Altxuri.

No hay comentarios: