viernes, 12 de junio de 2009

Errekako pilotariak atsedenik gabe

Jo ta fuego segitzen dute Errekako Pilotariak hainbat Txapelketetan. Horra hor http://www.ttipi.net/ web gunean agertzen den informazioa:

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, pilota txapelketetako finalak jokatuko dira aste hondar honetan eta tartean, eskualdeko pilota eskoletako ordezkaritza ere izanen da.

Errate baterako, bigarren mailako benjaminetan txapela Doneztebera edo Leitzara etorriko da, Erreka eta Aurrerako bikoteak izanen baitira aurrez aurre ekainaren 13an, larunbat goizeko 9:30ean Labriten. Errekako Mikel Lana eta Oier Berasategi Aurrerako Joseba Eskudero eta Beñat Altzelairen kontra ariko dira.

Baina finalak ekainaren 12an, ortziral arratsaldeko 18:00etan hasiko dira Labriten Hirugarren mailako infantiletan, berriz, Errekako Javier Saldias eta Julen Saldias Urrozko anaiak, Mendillorriko bikotearen kontra ariko dira. Segidan, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiria, San Migueleko bikotearen kontra ariko dira eta lehen mailako kadetetan, jaialdiko laugarren partidan, Aurrerako Joxerra Aldaregia eta Mikel Hernandorena, Oberenako bikotearen kontra ariko dira.

Doneztebe Herriartekoan
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan, ekainaren 5ean Doneztebe eta Iruña, hau da, Erreka eta Oberena izan ziren aurrez aurre ekainaren 5ean Oberenan. Iruñeko taldea indartsua da, baina halere, Doneztebek ezusteko garaipen bikaina lortu zuen jubenil mailan, partida ikaragarria egin zuen Beñat Oronoz lesakarrak eta Mikel Campo iturendarrak 20 eta 22 irabazi baitzieten Soto eta Artuch-i.

Gainerako hiru partidak galdu egin zituen Doneztebek: Alebinetan, Iker Salaberria eta Joel Oronozek 3 eta 18 galdu zuten Okiñena eta Mariezkurrenaren kontra; infantiletan, Ibai Juanenak eta Cristofer Alvarezek 6 eta 18 galdu zuten Jaurena eta Cordonen kontra eta helduen kategorian, Errekako Iñaki Otxoa eta Raul Labianok 8 eta 22 galdu zuten Olangue eta Okiñenaren kontra.

No hay comentarios: