martes, 28 de julio de 2009

Errekako Pilotariak Tolosan

http://www.ttipi.net/ web gunetik hartua:

Doneztebe. -- Doneztebeko Errekako pilotariek Joxean Tolosaren omenez Amezketan jokatzen den txapelketan parte hartu dute. Uztailaren 18an, Errekako hiru ordezkariak Azkoitikoen kontra aritu ziren eta hiru partidak irabazi zituzten. Kadete mailan, Irail Zestauk 18 eta 7 irabazi zion Juaristiri, gisa honetara, Elgetako lau terdiko txapelketaren errebantxa hartuz, orduan azkoitiarrak 22-13 irabazi baitzion. Bigarren partidan, jubenil mailan, Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 4 irabazi zion Azkoitiako Juaristiri, erakustaldi bikaina eskainiz. Hirugarren partidan, senior kategorian, Imanol Baleztenak 18 eta 12 irabazi zion, nagusitasunez, Anduezari.

Uztailaren 25ean galdu Irurtzunen kontra

Uztailaren 25ean, ordea, Errekakoek Amezketan jokatutako hiru partidak galdu zituzten Irurtzunen kontra, nahiz eta itxura ederra eman. Kadete mailan, Irail Zestauk 13 eta 18 galdu zuen Mikel Berazaren kontra, nahiz eta 11-8 irabazten joan. 14-13koa bitarte partida aski berdindua eta gogorra joan zen, baina irurtzundarrak azken lau tantuak segidan egin zituen. Jubenil mailan, Beñat Oronozek 11 eta 18 galdu zuen Jose Javier Zabaletaren kontra. Aipatzekoa da Zabaletak Aspe enpresarekin aurrekontratua sinatua duela, baina halere, 11-9 irabazten izan zen lesakarra. Baina Irurtzungoak, bere sake eta jo ikaragarria atera zuen, bederatzi tantu segidan egiteko. Senior kategorian, azkenik, Imanol Baleztenak 10 eta 18 galdu zuen Xuban Armendarizen kontra. Hemen ere, lehen erdi ederra egin zuen Errekako pilotariak, 10-8 irabazten izan baitzen, baina bigarren zatian Armendarizen ofizioa gailendu zen.
Halere, goraipatzekoa da Errekak egindako lana, Irurtzun baita finalean sartzeko talde faboritoetako bat.

No hay comentarios: