lunes, 16 de mayo de 2011

Niko Mindegiari elkarrizketa

Iepa Niko!! Denboraldia oraindik akittu ez bada ere, ze balorazio pertsonal egiten duzu aurtengoari buruz?

Balorazio pertsonal orokorra positiboa da niretzat. Denboraldi hasieran duda asko neuzkan nire errendimentua zein izango zen ezin bainuen asmatu, jende berri asko, proiektu berri bat eta joan den urtetik aldaketa asko izan direlako klubean. Azkenean denboraldia aurrera joan den ahala gustora sentitu naiz taldean eta nire errendimentua ona izan da nire ustez. Beraz, konten nago aurtengo denboraldiarekin.

Eta orain taldeari begira, nola baloratzen duzu denboraldia?

Klubak eta entrenatzaileak hasieran jarri zizkiguten helmuga guztiak lortu ditugu eta ia denak eguberritako oporretarako lortuak zeuden. Taldeak eskeintzen zituen esperantza guztiak maila salbatzea ziren gehienbat, inork ez zekielako hain jende gaztearekin errendimentua zein izango zen. Beraz, kasu honetan ere balorazio oso positiboa egingo dut taldearen denboraldiari begira. Hala ere, lehendabiziko bueltan eskeiniko jokoa eta emaitzak bigarrenean lortzea zailagoa izan da guretzat eta horregatik, agian, taldearen bukaerako sentsazioa ez da hain ona izan.

Selekzioan debutatu duzu. Nola joan zen kontua? Zer moduz moldatzen zara hainbertze figuren artean? Nolakoa da aldagelako giroa?

Egia erran bapatean etorri zen berria izan zen. Hasieran nahiko arraroa izan zen ligako jokalari hobenen artean entrenatzen egotea baino azkar hasi nintzen gauza horiek ahaztu eta esperientziaz disfrutatzen. Entrenamenduak oso dinamiko eta dibertigarriak izaten dira han, gainera jende hain onarekin entrenatzea asko nabari da entrenamenduak oso azkar pasatzen direlako. Nik ikusi dudanez giroa oso ona da, hor dagoen jendeak urte asko daramatzalako batera jolasten eta erlazioa ona da denen artean.

Joku olinpikoekin ametsa egiten hasia zara dagoeneko?

Bueno kirolari guztien ametsa da, gainera eskubaloian, garrantzi gehien duen konpetizioa da. Ez da obsesionatzen nauen gauza bat baino beti daukat han egongo naizen ilusio txiki bat, naiz eta aldi berean konturatzen naizen, hura urruti dagoela eta han egotea oso zaila dela, oraindik ere 2 urte falta direlako eta kirol mundu honetan egunero aldaketak izaten direlako.

Etxera bueltatuz, nola ikusten duzu Errekaren egoera, beti ere eskubaloiari begira?

Nik uste gaur egoera Erreka beti heziz eta haziz doala, aldi batetik beti ere izan dugulako errekurtso minimoekin aurrera jarraitzeko eta moldatzeko "talentu" bat eta bertzetik Errekan sartua dagoen jendeak, bihotzez eta gogoz egiten dituzuelako gauzak. Horregatik, nik uste nahiz eta emaitzak onak edo txarrak izan, eskubaloiarekiko dagoen afizioa ez dela aldatuko.

Horretaz gain, aurten senior mailan 2 talde egotea seinale ona da, eta gazteen mailetan dauden neska eta mutilen kopuru haundia oraindik ere seinale hobea. Gauzak ongi egiten ari diren seinale, eta hori kanpoan gaudenok ere aunitz baloratzen dugu.

Partidu guztietan doneztebar pila bat izan da harmailetan San Antonio, eta batez ere, Ibai eta zu animatzen. Hitz gutti batzuk herriko afizio lehialarentzat....

Nahiz eta aunitzetan ez dugun islatzen, niretzat motibazio haundia izaten da herriko jendea hurbiltzea. Kirol munduan momentu on eta txarrak izaten direnez, azken hauetan indarrak nonbaitetik atera behar direnean, motibazio hori gabe jokalari erdiak izaten garenez, beti ateratzen dut ondorio berdina: oso garrantzitsuak zarete bai Ibai eta bai niretzat, beraz, bihotzez eskerrak ematen dizkizuet partiduetara hurbiltzen zareten guztioi!!

No hay comentarios: