TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)
Doneztebek eta Iruñak jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala uztailaren 3an, igande goizeko 09:30etik aitzinera.
Doneztebarrek finalerdietako itzulerako lau partidetatik hiru irabazi zizkieten berriz ere baztandarrei eta honela, 6-2 gelditu da kanporaketa. Doneztebek 144 tantu egin zituen eta Baztanek 92.
Donezteben ekainaren 25ean, larunbat goizean jokatutako partidetan, alebin mailan, Doneztebeko Iker Salaberriak eta Iraitz Zubizarretak 18 eta 2 irabazi zieten Baztango Andoni Gaskue eta Ibon Irazokiri.
Infantiletan, Doneztebeko Unai Telletxea eta Joseba Aldabek 18 eta 11 irabazi zieten Baztango Ansó eta Sergio Oskozi eta honenbertzez, oraindik azken bi partidak jokatzekoak zirela, jakina den Doneztebe izanen zela finalean.
Jubeniletan, Baztango Joseba Arizmendik eta Joseba Apeztegiak 22 eta 13 irabazi zieten Doneztebeko Mikel Maia eta Adur Lasari.
Senior kategorian, azkenik, Doneztebeko Beñat Oronoz eta Joseba Madariagak 22 eta 15 irabazi zieten Baztango Unai Arraztoa eta Toni Huarteri.
Gauzak honela, igandeko finalerako entrenamendua eta pilota aukeraketa izanen dute doneztebarrek ekainaren 30ean, ortzegun arratsaldeko 17:30etik 19:00etara. Aukeraketaren ondotik, bi herrietako pilotariek argazki ofizialak aterako dituzte.
Pronostiko zaila duen Doneztebe eta Iruñaren arteko finala, erran bezala, igande goizeko 09:30etik aitzinera, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario