martes, 19 de julio de 2011

Pilota: Doneztebe ( Erreka) finalera!!!!

TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa irabazi ondotik, Euskal Herriko txapelketaren finalean sartzea lortu du. Euskal Herriko Herriartekoan hiru kategoriatan lehiatzen dira eta finalerdietako joaneko partidan, hiru partidetatik bi irabazi zizkion Gernikari Donezteben. Itzulikoan, berriz, uztailaren 15ean, ortziral arratsaldean Gernikan jokatutako hiru partidak irabazi zituen Doneztebek, finalerako txartela eskuratuz.

Kadete mailan, Doneztebeko Unai Telletxea eta Joseba Aldabek 22 eta 16 irabazi zieten Pascual eta Etxeberriari. Telletxearen sake zitala eta kolpe frexkoarekin, nahi zutenean hautsi zuten partida eta Aldabe ere ongi aritu zen.

Jubenilen partidak ez zuen historiarik izan eta Mikel Maiak eta Adur Lasak 22 eta 3 irabazi zieten Etxebarria eta San Sebastian gernikarrei. Jaun eta jabe izan ziren Doneztebekoak, Lasak gibelean izan zuen nagusitasuna ongi errematatu baitzuen Maiak.

Helduen kategorian ere, dagoeneko finalerako txartela erabakia zegoenean, ez zen aparteko historiarik izan. Gernikakoen atzelaria, Irusta, eskuin esku ukituarekin kantxaratu zen eta Ayok kasik bakarrik jokatu behar izan zuen Oronoz eta Madariagaren kontra. Doneztebekoek sobera bortxatu gabe lortu zuten hirugarren puntua.

Finala Hernaniren kontra uztailaren 22an Muskitzen

Gauzak honela, Doneztebek eta Hernanik jokatuko dute Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finala uztailaren 22an, ortziral arratsaldeko 18:30etik aitzinera Muskitzeko pilotalekuan. Gipuzkoako txapeldunak ez zuen arazorik izan Arabako txapelduna, Amurrio kanporatzeko finalerdietan (3-0, 0-3). Uztailaren 18an, astelehen eguerdiko 12:30ean eginen da Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalaren aurkezpena, bi herrietako ordezkariekin eta Petronor patrozinatzailearekin.

Patxi Ordoki entrenatzaileak aipatu digunez, “pronostiko irekia du finalak, 2-1 izanen da emaitza, ea gure aldekoa den. Lehenbiziko partida irabazten duenak finala irabazteko %90eko aukera izanen du”.

No hay comentarios: