miércoles, 28 de marzo de 2012

I.DONOSTIA-HONDARRIBIA




Aupa Errekazales!


Nire Iron Man-arako prestaketan sorpresa bat izan nuen iragan astean, asteartean nire ikaskide ohi batek lesioa zuela erran, eta ea Talaia Bidea mendi lasterketan parte hartu nahi ote nuen galdetu zidan, irrika nuen lasterketa hori probatzeko, eta baietz erran nion. Talaia bidea mendi lasterketa bat da, Donostiatik Hondarribira kostatik doan bide eta bidaskak hartzen dituena. Berez 31 kilometroko ibilbidea genuen aintzinetik, eta 1500 metro inguruko desnibela. Lasterketan parte hartzea erabaki nuenean, iron manerako entrenamenduak alde batera ez uztea erabaki nuen, eta bezperan 4 ordu terdi bizikletan eta 45 minutu lasterkako transizioarekin iritsi nintzen Donostiako irteerara. Nahiko nekatua nengoenez, atzean ateratzea erabaki nuen, eta Jaizkibel arte, lasai antxean ibiltzea, entrenamendu batean bezala 160 taupadako muga pasatzen utzi gabe.

Irteera eman zutenean, Donostiatik San Pedrorako bidea hartu genuen, atzean atera nintzenez, erritmo oso eramangarria hartu genuen, ia aldapa guziak oinez egiten genuen... Eguraldi bikaina eta paisaia ikaragarri politak, disfrutatzen ari nintzen.. Ia ohartu gabe San Pedrora iritsi ginen, bertan antolakuntzak itsasontzi batzu zituen prest San Juanera pasa gintezen... San Juan utzi eta martxako gogorrena heldu zen, Jaizkibelera iritsi behar baikinen, han poliki poliki erritmoa bizitu eta jendea aurreratzen hasi nintzen, gehiegi estutu gabe, baina oso ongi sentituz... Behin Jaizkibel igota, itsasertzeraino iristen ginen, eta han martxako lekurik politenera iritsi ginen. 5 bat kilometro itsaso ia ukituz... Dagoeneko 24 kilometro ere bagenituen eginak, eta jendea oso justu zebilen arren, ni gero eta indartsuago sentitzen nintzen, entrenamendu luzeek bere fruituak ematen ari dira... Guadalapuerako 2 kilometroko aldapa gogorra lasterka igotzea lortu nuen, eta handik behera, bidaska batetik Hondarribira. Oso martxa polita, eguraldi ederrarekin, eta distantziagatik ez bazen, oso eramangarria. Nik oso pozik bukatu nuen, erderaz erraten den bezala "de menos a más", eta maratoian ez bezala, kilometro gehiago ere egiteko gai izanen nintzelako sentsazioarekin bukatu nuen, oso pozik.

Orain entrenatzen jarraitzera, 2 hilabete eta aste bat baino ez baita gelditzen...

GORKA BIDEGAIN

No hay comentarios: