miércoles, 11 de abril de 2012

Lehendabiziko Liga 1989an irabazi zen

Asteburu honetan Liga irabazteko borrokan izanen dugu Erreka. Egia erran, hagitz zail dago kontua, baina tira, ilusioa bederen ez zaigu falta.

1989an, bere lehenbiziko liga irabazi zuen Errekak. Txomin Mindegiak, urte hartan jokalari izateari utzi eta Luis Goñirekin batera izan zen entrenatzaile. Txomin berak, Ttipi-Ttapari duela hiru urte eskeinitako elkarrizketan hau gogoratzen zuen: «Partidak irabaziz hasi ginen, ez aisa, baina irabazi. Txantrearekin lehia gogorra izan genuen. Beraiekin partida bat berdindu genuen, baina bertze guziak irabazi. Txantreari gol bakarrarengatik irabazi genion Donezteben eta eurek ere partida hori bakarrik galdu zuten liga osoan. Giro ederra izan zen partida hartan frontoian, harmailak bete-beteak, pankartekin…». Promozioa Xixonen Nafarroako liga irabazteak igoera promozioa jokatzeko eskubidea eman zion Errekari eta Xixonera joan zen talde osoa. «Mariezkurrenak autobusa debalde paratu zigun –dio Txominek– eta ortzegunean joan eta igandea bitarte egon ginen. Sei talde ginen lehian eta bik bakarrik zuten igotzeko aukera. Hiru taldeko bi multzotan banatuak ginen eta gu hirugarrenak izan ginen. Egia errateko, gu baino talde hobexeagoak ziren eta guk ez genuen batere esperientziarik. Denontzako lehenbiziko aldia zen eta gauza horiek nabaritzen dira». Halere oroitzapen onak gordetzen dituzte entrenatzaileak eta jokalariek: «talde bezala hotel batean kontzentratuak egotea, 24 orduz elkarrekin, ez zaigu bertze inoiz pasatu».

1989koa errepikatzea ez dago batere erraza, baina nork daki?

No hay comentarios: