TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)
Joan den urtean txapeldun izan zen Doneztebe aurten ere Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da. Asteburuan jokatu zen azken jardunaldiaren ondotik, lehenbiziko faseko onena izan da Doneztebe, 15 garaipenekin eta hamalauna garaipen lortu dituzten Iruña eta Burlatak elkarren kontra jokatu beharko dute bigarren finalista erabakitzeko.
Ekainaren 23an Burlatan jokatu zuen Doneztebek lehen faseko azken jardunaldia eta bina partida irabazi zituzten Burlatak eta Doneztebek.
Lehenbiziko partidan, alebin mailanb, Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Aimar Otxotekok 18 eta 2 irabazi zieten Burlatako Munarriz eta Etxeberriari.
Infantil mailan ere garaipen garbia lortu zuen Doneztebek, Julen Bakaikoak eta Ruben Medinak 18 eta 5 irabazi baitzieten Pedroarena eta Saldias-i.
Jubenil mailan ailegatu zen Burlatakoen lehen garaipena, Agirre eta Alduntzinek 22 eta 10 irabazi baitzieten Doneztebeko Ugaitz Elizalde eta Anduezari.
Senior mailan ikusi zen partidarik orekatuena, baina tantu bakarrarengatik Burlatakoen alde erori zen. Urdaniz eta Azanzak 22 eta 21 irabazi zieten Gaizka Bendoiro eta Jon Gorrititi.
Aipatu bezala, Doneztebek uztailaren 8an jokatuko den finalerako txartela lortu du dagoeneko. Hasiera batean denek ematen zuten faborito joan den urteko txapelduna, baina Patxi Ordoki arduradunak aipatu digunez, «pronostikoek diotena baino estuago dago kontua eta ligaxka hagitz berdindua joan da». Bertze finalista, ligaxkan bigarren eta hirugarren izan diren Iruña eta Burlatak elkarren kontra uztailaren 2an, heldu den astelehenean jokatuko duten kanporaketatik aterako da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario