jueves, 13 de diciembre de 2012

Alex Txikon-i buruz

Dakizuen gisan, abenduaren 22an, Errekak antolatzen duen Mendiaren Egunean, bertzeak bertze mendiko emanaldi bat izanen dugu arratsaldeko 19:30etan Doneztebeko Zineman eta aurtengoan, mailari eutsiz, Alex Txikon mendizale/abenturazale/aizkolari/igeltsero bixkaitarra izanen dudu gurekin Himalayako ikuskizun bat eskeintzera etorria.


Mila komeditan saiatua da Alex, ogibidez igeltseroa, herrikutsuz aizkolaria eta zaletasunez mendizalea dugu, baina tira, eskalatzea, parapentea, bidaiatzea, euskarazalea edo edozein horrelako abenturetan sartua ere ikus dezakegu behin baino gehiagotan, beraz, euskaldun herrikoi eta abenturazale ikaragarria bezala definitzen ahal izanen genuke.

Alex Txikon 1995ean eman zion hasiera bere mendiko ibilbideari, Ganzabal mendi elkartearen barrenean.

1998rako Alpeetako bide zailak egiten zituen jadanik, 4000 metrotik goitiko bide zailak hain zuzen, eta hortik aintzina zuzenean goi mailako alpinismoan murgildu zen.

Asia aldera abiatu 2002.ean eta Pico comunismo eta Korzeneskhaya mendiak igo zituen.

Bere lehendabiziko 8000 metrokoa 2003an burutu zuen, Broad Peak (8047m) hain zuzen ere.

2004 an: Makalu (8463m) egin eta K2 a egiten saiatu arren, bertze baterako utzi behar izan zuen erraldoia.

2005 etik aintzina "Al Filo de lo Imposible"-ko programaren barrenean sartu eta hortxe aritu zen hurrengo urteetan: 2005ean berean Makalu (8463m) izan zen saiakera bat nahiz eta ez ailegatu puntara. Pico Lenin (7134) bai zapaldu zuela horren ondotik.

2006an Antartidara joan zen eta han hauxek egin zituen: Monte Scott (tontorra), Shackenton (tontorra bide berritik) eta Waldell (mendi honetara igo den lehendabiziko mendizalea hain zuzen). Hortik berriz ere Asiara eta han Shisha Pagma (8031m) britaniar bidetik saiatu eta ezin izan zuen igo.

2007an Shisha Pagma-ra itzuli eta oraingoan bai, tontorra egin zuen eta gainera bide berdinatik.

2008an, beti "Al Filo de lo Imposible" programan Edurne Pasabanekin batera eta proiekto berdinean hasi zen lanean eta Daulghiri (8167m) eta Manaslu (8163m) burutu zituen bata bertzearen ondotik.

2009an Kanchenjunga (8585m) eta Shisha Pagma 8031m) egiten saiatu ondotik tontorrarik gabe itzuli behar izan zuen.

2010an Annapurna (8091m) eta Sisha Pagma (8031m) egin zituen tontorraraino biak.

Hortik aintzina Edurneren taldea utzi eta bere gisa ibili izan da Txikon, beti ere nahiko estilo propioa landuz eta gauza freskoak eta diferenteak egin nahiez.

Bide horretan 2011.ean Gasherbrum I (8080m) saiatu zen egiten baino oraingoan neguan, zailtasunak eta arriskuak mila aldiz biderkatuz, azkenean ezin izan zuen tontorra zapaldu nahiz eta ikaragarrizko gogortasunak iraun. Udan itzuli eta Gasherbrum I (8080m) eta Gasherbrum II (8035m) egin zituen tontorraraino eta K2an saikera gogor bat "Cesen" bidetik tontorrera ailegatu gabe.

Furgoneta batean aizkorak eta lagun pare bat hartu eta karreteraz era joan izan da Himalaiaraino bidean, Iran, Pakistan, etabarrean aizkora erakusketak eskeintzen. Orain berriki ETBn ere agertu zaigu artzain gisa artalde bat zuzentzen Zizurreraino, Nafarroa Oinez-i bere kolaborazioa eskeiniz.

Beraz, argi dago gizon berezi baten aintzinean gaudela eta batez ere, izugarrizko abenturazale baten ondoan. Mendizaletasuna abenturarekin uztartzen duena eta bidenabar edozein gauza, beti ere abenturarekin lotuta baldin badago, egiteko prest agertzen dena. Abenturazale freskoa, gaztea eta etorkizunean ere gauza aunitz eta dibertsoak eskeiniko dizkiguna.

TXOMIN MINDEGIA

No hay comentarios: