viernes, 22 de febrero de 2013

Larunbatean, Pilota Finalak


TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)

Erreka elkarteak antolatutako Malerrekako eskuz binakako hamekagarren pilota txapelketako finalak jokatuko dira otsailaren23an, larunbat goiz eta arratsaldez, Doneztebeko udal pilotalekuan.
Larunbat goizeko 10:00etatik aitzinera ttikienen txanda izanen da.
Benjamin mailan, Ilunpeko Egiguren eta Elosegik, Ziotzako Perurena eta Ugartemendiaren kontra jokatuko dute finala.
Alebinetan, Oberenako Oskoz eta Cuairan, Ilunpeko Unanue eta Alberdiren kontra ariko dira.
Infantiletan, Errekako Salaberria eta Mariezkurrena, Lapkeko Zubizarreta eta Ilunpeko Alberdiren kontra ariko dira.
Behin goizeko partidak akituta, ohitura onak ez galtzeko, bazkaria izanen dute antolatzaile, partehartzaile eta laguntzaileek Santamaria jatetxean.
Bazkalondoan, arratsaldeko 4:30etik aitzinera jokatuko dira gainerako finalak.
Kadete mailan, Markinako Arrizabalaga eta Urizarrek, Donibaneko Petite eta Eskudero izanen dituzte arerio.
Eskualdeko pilotarien ordezkaritzarik zabalena jubenil mailako finalean izanen da. Berako Gure Txokoako Ander Errandonea eta Iñigo Martinez, Lesakako Arkupeko Jon Olaizola eta Oberenako Goñiren kontra ariko dira.
22 urtez beheitiko kategorian, Amurriko Goikolea eta Oiarpeko Ander Imaz, Oiarpeko Ugalde II eta Ugalde I.arekin nor baino nor gehiagoka ariko dira.
Elite mailako finalean, azkenik, Hernaniko Esnal eta Errekako Gorriti eta Tolosako Belloso eta Oberenako Etxamendi izanen dira aurrez aurre.
Finalak akitu eta gero, luntxa eskainiko da eta bi urdaiazpiko zozketatuko dira. Sari banaketan, bertzeen artean, Julen San Migel erremontelaria eta Asegarceko pilotariak izanen dira.

No hay comentarios: