Larunbat honetan 17:30etatik aintzinera Laxoa Finala jokatuko da Donezteben. Ez hutsik egin eta agertu Behar-Zana frontoira!!!!
DONEZTEBE A - ARRAIOZ A
-------------------------------------
Ttipi-Ttapa ( www.ttipi.net)
Baztan-Errekako XXXIV. Laxoa txapelketak baditu finalistak: Arraioz A eta Doneztebe A izanen dira aurrez aurre abuztuaren 3an, larunbat arratsaldeko 5:30etatik aitzinera Doneztebeko Bear-Zana plazan. Hirugarren posturako lehia larunbat goizeko 11:30ean jokatuko dute Oiz eta Arraioz Bk.
Finalerdietako joaneko partidetan Malerrekako bi taldeek 9-5 irabazi zieten Arraiozkoei. Hauek errebantxa hartzeko aukera izan zuten larunbatean, Arraiozen jokatutako itzuliko partidetan.
Arraioz Ak lortu zuen, jaun eta jabe izan eta 9-1 menperatu baitzuen Oiz. Iñaki Mihura, Jon Gamio, Jesus Mari Laurnagarai eta Asier Zubigaraik osatutako Arraiozko taldeak 5-0 aitzindu ziren. Lehenbiziko jokoa egin zuten orduan Oizkoek, Iker Bereau, Lander Mendiola, Iñaki Mendiola eta Ugutz Zelaietak, baina ez zuten bertzerik lortu (9-1).
Bertze partida ere bide beretik hasi zen, 4-0 aitzindu baitzen Arraioz B (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Miguel Maritorena). Gero, bi joko egin zituzten doneztebarrek (Pascual Bertiz, Koldo Legarra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoak). Gero, jokoak binaka egiten joan ziren eta 4-2kotik, 6-2, 6-4 eta 8-4kora irabazten joan ziren arraioztarrak. Beraz, joko hori irabaziz gero arraioztarren arteko finala jokatuko zen eta doneztebarrek lortuz gero, luzapena bederen lortuko zuten. Baina doneztebarrek bosgarren jokoa lortu ez ezik, hurrengo lauak ere egin zituzten. Honela, markagailuari buelta eman, 8-9 irabazi eta finalean sartzea lortu zuten.
Beraz, abuztuaren 3an, larunbat goizeko 11:30ean hirugarren posturako lehia jokatuko dute Oiz eta Arraioz Bk. Arratsaldeko 5:30ean finala jokatuko dute Doneztebe A eta Arraioz Ak. Gero, txapel eta sari banaketa eginen dute, laxoako eskularru eta urdaiazpiko baten zozketa eta arratseko 9:30ean afaria izanen dute pilotariek, zaleek eta agintariek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario