TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)
Haundien txapelketan gertatu zen bezala, gazteen
laxoa txapelketan ere Doneztebe nagusitu zaio Arraioz-i. Irailaren 29an
Bear-Zanan jokatu zen BAztan-Errekako gazteen laxoa txapelketaren finala eta
Doneztebe Bk 9 eta 5 irabazi zion Arraioz-i.
Doneztebe B taldean Gorka Iribarren (sakalaria),
Eloy Garzia (numeroa) eta David Mitxeo eta Eneko Maylin (koartoak) aritu ziren.
Arraiozen, berriz, Eki Etxandi (sakalaria), Josu Etxandi (numeroa) eta Urki
Etxandi eta Mikel Organbide (koartoak).
Doneztebarrek lau lehenbiziko jokoak egin eta
alde horri eutsi zioten. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 8-2, 8-5, 9-5.
Sailkapenean, Doneztebe eta Arraiozen ondotik,
Oiz hirugarren izan da, Doneztebe A laugarren eta Irurita bosgarren.
Tiburtzio Arraztoa, Laxoa Elkarteko kideak aipatu
digunez, «giro arras ona izan zen plazan, jende aunitz; 8 joko eta 3 zirelarik
euri tanta batzuk erori ziren, baina partida etzen gelditu eta problemarik gabe
bukatu zen».
Sari banaketa berezia
Sari banaketari dagokionez, Oitz, Doneztebe A eta
Iruritako jokalariek Laxoa Elkarteko domina bana hartu zuten, Baztan-Errekako
Laxoa txapelketa gehien irabazi dituen Doneztebeko Patxiku Ganboaren eskutik.
Aurten Baztan-Errekako Laxoa txapelketa nagusia irabazi duten Doneztebe Ako
jokalariek (Pascual Bertiz, Koldo Legarra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa)
banatu zituzten azpitxapeldunen trofeoak (Arraioz). Jon Oyarzunek, Nafarroako
Pilota Federazioko gerenteak, eman zizkien Doneztebe Bko txapeldunei
trofeoak.
Gero, pilotari eta pilotazale guztiek luntxa izan
zuten Santamaria Jatetxean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario