lunes, 23 de junio de 2014

Pilota: Doneztebe finaletik kanpo

TTIPI-TTAPA

Ezuste handia eman eta Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da Bera, Donezteberen kontrako finalerdia gainditu eta gero. Berako Eztegara pilotalekuan jokatutako joaneko norgehiagokan bina partida irabazi zituzten Bera eta Doneztebek, baina Malerrekakoek 9 tantu gehiago egin zituzten. Itzulerakoan ere gauza beretsua espero zen, jubenil mailan ez zelako Jon Olaizola osatu. Baina, Berako Beñat Mitxelena eta Andoni Lazkanotegik, bi aurrelarik ezustea eman eta irabazi egin zieten Joanes Bakaikoa eta Ruben Medinari, 22-17. Horixe izan zen ezusterik handiena, Beran 6-22 galdu zutela kontuan hartuz, eta garaipen horrek eman zion Berari finala jokatzeko aukera.
 
Gainerakoan, finalerdietako itzulikoak espero zen gidoia segitu zuen. Alebin mailan, Berako Josetxo Sesé eta Asier Telletxeak 18-7 irabazi zieten Doneztebeko Patxi Loiarte eta Julen Santesteban-i.
Infantil mailan, Doneztebeko Iker Salaberriak eta Jon Mariezkurrenak hutsean utzi zituzten Beñat Ordoki eta Jonan Fagoaga (18-0). Hortaz, binako garaipenen kasuan, tantu aldea nabarmen doneztebarren alde jarri zen. Baina, aipatu bezala, jubenil mailan etorri zen ezusteko garaipena Berakoentzat.
 
Senior mailan bertze garaipen bat lortu behar zuten Berako Ander Errandonea eta Iñigo Martinezek eta hauek, biak oraindik jubenil mailakoak izan arren, 22-12 irabazi zieten Ugaitz Elizalderi eta Adur Lasari.

No hay comentarios: