lunes, 28 de julio de 2014

Laxoa Finala erabakita

TTIPI-TTAPA 

Abuztuaren 2an, larunbatean jokatuko da Baztan-Errekako 35. Laxoa txapelketaren finala eta bertan, Doneztebe A eta Irurita B izanen dira aurrez aurre. Jokatzeko falta zen finalerdiko itzuliko partida estuan, Doneztebe Ak 9-6 irabazi zion Doneztebe Bri, bi orduko norgehiagokaren ondotik.
Jende anitz bildu zen Doneztebeko Bear-Zana plazan, finalerdiko itzulerako partida ikusteko, batez ere gazteak, eta giro ezin hobea izan zen. Gaur egungo txapeldunek berehala lortu zuten abantaila markagailuan; lehenbiziko jokoak (1 eta 6 arte) laburrak izan ziren, Doneztebe B taldea urduri eta partiduan zentratu gabe hasi zelako. Baino gero bai, joko luzeak eta borrokatuak jokatu zituzten eta pixkanaka pixkanaka markagailua berdintzen joan zen. Seina joko berdin zirelarik, gehienek pentsatzen zuten bertze erdifinaletako partiduetan bezala, Zortzinako berdinketa errepikatuko zela. Baina Doneztebe Ak lortu zituen azken hiru jokoak eta hirugarren urtez segidan finaleko txartela lortu zuen, ederki sufritu ondoren.
 
Azken partidak abuztuaren 2an
Beraz, abuztuaren 2an, larunbatean jokatuko dituzte Oizen 35. Laxoa txapelketako hondar partidak. Goizeko 11:30ean hirugarren posturako lehia jokatuko dute Doneztebe B (Javier Almandoz-Asier Mutuberria-Juan Telletxea-Bittor Mendiburu) eta Irurita Ak (Joseba Urtasun – Oscar Urrutia – Iñaki Etxandi – Miguel Bidegain).
Arratsaldeko 5:30ean, berriz, final nagusia jokatuko dute Doneztebe A (Pascual Bertiz-Koldo Legarra-Jokin Arraztoa-Javier Bertiz) eta Irurita Bk (Xabi Barberena – Gorka Urtasun –Egoitz Prim – Jagoba Ramos).
Finalaren ondotik, sari eta txapelen banaketa eginen da eta 21:00etan afaria Oizko elkartean.

No hay comentarios: