viernes, 26 de agosto de 2016

Niko Mindegiari elkarrizketa

Dakizuen bezala, Niko Mindegia Danimarkan dugu aurten, Kolding taldean. Denboraldi berria hastear dagoen honetan, elkarrizketa ttiki bat egin diogu.

 Niko, badituzu Danimarkan aste batzuk. Lehendabiziko sentsazioak?

Lehen sentsazioak arront onak izan dira, bai taldean bai hirian ere. Leku berri batera iristean, hasierak zailak izaten omen dira. Nire kasuan, momentuz alderantziz. Dena erraztu didate eta gustora sentitzen naiz.  Zer moduzko harrera egin dizute aldagelan? Uste dut zenbait ezagun bazenituela...

Egia da aldagelan ezagunak banituela, 4 edo 5. Horrek ere laguntzen du. Dena den bertzeek ere harrera ona egin didate eta eskertzekoa da, gainera hortarako arazo gutxi izan ohi ditut nahiko lotsagabea naizelako, zentzu onean hahaha. 

Baino orokorrean jendea oso jatorra da hemen Danimarkan, nabari da ongi bizi direla eta gauzak lasai hartzen dakitela.  Zein helburu ditu taldeak? Eta zuk pertsonalki?

Talde helburuak garbi ditugu, Danimarkar liga eta kopa irabaztea eta EHF cup-eko final 4ean sartzea. Ez da erraza izanen baino helburu objetiboak dira. 
Nik pertsonalki nire bidea jarraitzeko helburua dakart, honekin erran nahi dut, hobetzen jarraitu, taldekideen errespetua kantxan irabazi eta batez ere umeetan eskubaloian aritzean sentitzen nituen gogoak berreskuratu, burua umetu!

Hungriatik Danimarkara... Salto dexente eguneroko bizitzan, ezta?
Salto haundia dago Hungriatik hona bai. Dena desberdina da. Konparaketa bat egitekotan, erranen nuke Hungria gure bizimoduarekin konparatuz, gauza aunitzetan 10-15 urteko atzerapena daukala. Danimarkak aldiz, 10-15 eko aurrerapena. Hala ere, ni nahiko sinplea naiz eta gauza gutxi behar ditut konten egoteko, beraz, leku bakoitzeko gauza onei erreparatu eta txarrei bizkarra emanez, han edo hemen berdintsu nabil.

Tira, Niko, zorte izan zure erronka berri honetan. Badakizu hemendik fin-fin jarraitu eta kontatuko ditugula zuk egindako guztiak. Segi bixkor!

No hay comentarios: