Kaixo Errekazaleak,
Mendi eski proba / “Bandres Karolo Memoriala” – A Ibilbidea 18km / +2000m
Aurten berriro bueltan izan da Bandres-Karolo mendi eski proba, eta ostiralean Izabara joan ginen Igor eta biok txapelketan parte hartzeko asmoarekin. Memorialaz aparte, Euskal Herriko Mendiko Kopako probatako bat izaten da, baita Nafarroako txapelketa ere bai. Larunbatean lineako proba eta igandean kronoeskalada. Guk lineako proban bakarrik parte hartu genuen.
Bi ibilbide izaten dira normalean, eta guk luzeenean, A-Ibilbidean parte hartzea erabaki genuen. Izugarrizko zirkuitu polita prestatu zuten, denetara bost igoera eta jaitsiera desberdinekin eta eskiez gain, kranpoiekin egin beharreko bi tramo ere sartu zituzten. Belaguako aterpetik aterata, Lakora aldera igotzen hasi ginen eta handik Bimbaleta mendi kaxkora. Goitik, beste aldera beherantz jaitsiera luze bat egin eta bertan bi igoera izan genituen bigarrenean Belai kollatura igoz eta berriro gero bueltan trabesia luze bat eginez Belaguako aterpera iritsiz.
Eguraldia lagun genuela izugarrizko goiza pasa genuen. Irteeran 220 bat eskiatzaile bildu ginen eta ikusgarria izan zen hasieran hainbeste jendeen artean mendi gora eskiekin hastea. Igorrek egina zuen proba orain dela urte batzuk, baina niretzat lehen aldia izan zen mendi eskian dortsal bat jartzen nuela eta hasieran nerbio dezente izan nituen hainbeste jende tartean. Gero ia, ederki gozatu genuen jarritako ibilbidearekin! Niretzat, kriston esperientzia eta paliza ederra, hainbeste igoera ta jaitsiera potenteekin, hankek estutu ederrak hartu zituzten eta azken zatian ederki somatzen nituen! Hala ere oso kontent proba bukatzeagatik!!!
Gizonezkotan 119 partaidek bukatu genuen A Ibilbidea: Igor Agesta – 89 - 3h50min26seg / Ibai Marizkurrena – 90 - 3h52min04seg
Aupa Erreka!!
Ibai Marizkurrena
No hay comentarios:
Publicar un comentario