lunes, 20 de noviembre de 2023

BORTZ KIROL: 3. jardunaldiaren kronika

Atzo jokatu zen Doneztebeko Ezkurra frontoian Bortz kirol lehiaketaren hirugarren jardunaldia. Errekuperazio jardunaldia faltan, 3 partida jokatzeke daude eta, orain arteko txapelketaren zerzelada batzu eman ditzazkegu.

 Jerome Karrikaburu: Jokatu dituen bi partidak irabazita, faborito argia izaten jarraitzen du, xare eta joko garbian duen nagusitasuna, eta bertze jokamoldeetan duen gogortasuna baliatuz. 

 David Mitxeo: Orain arteko ezusteko positiboa. Doneztebeko gazteak, bere hiru partdetatik 2 irabazi ditu, eta Jeromeren kontra partida galdu duen arren, partida duina jokatu zuen. Jeromek bezala, ia ziurtatu dauka erdifinaletarako pasea, eta duela hilabete hasi zela ikusita, hobekuntza tarte nabaria dauka oraindik.

 Imanol de Rueda: Jeromeren kontrako partida falta duela, partida bat irabazi eta bertzea galdu du. Iaztik hasita hobekuntza nabarmena ikusten zaio, batik bat xistera eta xarean. Hirugarren jardunaldian Peioren kontra jokatutako partida izan zen, orain arte bortz kirolean izandako lehiarik estuena.

 Peio Etxeleku: Bere hiru partidak galdu dituen arren, xistera eta xarearekin duen maisutasunaz gozatu ahal izan du bere partidetara hurbildu den pilotazaleak, eta eskertzekoa izan da bere aurkariei eman izan dizkien aholku, eta erakutsitako kiroltasuna.

 Aratz Luixa: Jokatutako bi partidak irabazi ditu, joko garbi, xare eta palan maisutasun haundia erakutsiz, eta txapelketa honetako bertze agerraldi polit bat izaten ari da. Erdi finaletako txartela eskuratuta dauka, eta segur aski Albiasuren kontra jokatuko duen errekuperazio partidan erabakiko da bietako nor pasako den lehendabiziko bezala.

 Jon Apeztegia: Debutaria gure txapelketan, eta debutaria ere xare eta joko garbian. Txapelketa txukuna egin du, partida ba irabazi eta bi galduz, baina xarean batez ere hobekuntza haundia erakutsiz.

 Iñaki Lizaso: Bi partidu jokatu eta biak galdu ditu. Eskuarekin txapelketako pilotari onena izan da aunitzen ustez, baina bertze jokamoldeetan ez du bere maila ematerik izan.

 David Albiasu: Momentuz partida bakarra jokatu badu ere, bere partida erraz atera zuen aintzinera... Errekuperaketa jardunaldian Luixaren kontra irabaziko balu, talde buru bezala pasatzeko aukera aunitz izanen zituen.

 Errekuperaketa jardunaldiak aunitz argituko digu bi taldeen panorama, eta ia erabakita utz ditzazke abenduaren 9an jokatzekoak diren erdi finalak, beraz animatu frontoira azaltzen eta pilotariak animatzen!

GORKA BIDEGAIN

No hay comentarios: