martes, 19 de diciembre de 2023

BORTZ KIROL: FINALAREN KRONIKA

 Abenduak 16an, Doneztebeko bortz kirolaren bigarren edizioaren finala jokatu zen. Aintzinetik Aratz Luixak irabazi egin zion David Mitxeori hirugarren eta laugarren postua erabakiko zuen partidan.

Horrela, partida hori eta gero final haundiaren txanda izan zen, non Jerome Karrikaburu eta David Albiasuk neurtu zituzten indarrak. Partida hasieratik faboritoa Jerome bazen ere, pilotazaleak bazuen final orekatua ikusteko esperantza izpiren bat, aurten Albiasuk erakutsitako mailarengatik batik bat. 

Xarean Albiasuk partidu txukuna egin bazuen ere, Jeromek segurtasun haundia erakutsi zuen, ia hutsik egin gabe, deus ez oparituz, eta tantoa luzatuz gero bere aldera eroriko zela jakitun. Horrela 15 eta 1 eko emaitza erdietsi zuen jokamolde horretan.

Joko garbian berriz, eskema antzekoa izan zen, Jeromek nagusitasuna erakutsi zuen, baina kasu honetan Albiasuk bere sakea erabili zuen tantoren bat lortzeko. 15 eta 4koa izan zen emaitza Eirelarrekoaren alde. Honela bi partida eta gero 30-5 eko emaitza isladatzen zuen markagailuak Karrikabururen alde.

Eskularruarekin, partidari buelta ematen hasteko aukera zuen Albiasuk, eta partida hasiera bizia izan zuen. Hala ere, Karrikaburuk ikaragarrizko defentsa erakutsi zuen, eta tantoak oso garesti saldu zituen. Pilotari bakoitzak bertzearen ezkerra bilatzen ibili zen, tanto gogor eta piloteatuak izan ziren jokamolde honetan, akaso finaleko partidarik politena izan zen. 10 eta 8ko bat izan zuen Karrikaburuk alde, eta partida hortxe bertan bukatu ahal zela zirudien momentu batzuetan. Albiasuk baina azkeneko txanpa ona egin eta 13 ra iristea lortu bazuen ere, 15-13 ko markagailua geratu zen Jeromen alde.  Markagailu honekin, paletan eta eskuz 3 tanto egin behar zituen Jeromek txapela eskuratzeko. 45-18 markagailu orokorra Karribururen alde. 

Karrikaburuk 3 tanto behar zituenez, eta Albiasuk paletan daukan maila ikusita, partida bizia izan zen paletakoa, Albiasuk ezin zuen hutsik egin, eta Karrikaburuk izanen zituen pilota apurrak arriskatuko zituela jakitun, kontu haundiarekin jokatu beharrean izan zen. Dena den, bere paletako maila itzela baliatuz, Karrikaburu 2an uztea lortu zuen, ezinezkoa zirudiena, eskuzko jokamoldera bizirik iristea lortu zuen.  47-33 kor markagailuarekin.

Eskuan tanto bakarra aski zuen Karrikaburuk txapela lortzeko, izan ere, berdinketak partida bere alde erortzea ekarriko zuen, hiru jokamolde irabazita zituelako. Eskuzko partidako lehen tantoa Karrikabururen alde erori zen, Albiasuk zabalera botatako dejada bat ozta ozta kanpora joan eta gero.  Dena den, Albiasuk lanean jarraitu zuen eta 15-4lkoa erdietsi zuen bere alde, azkenean partida 51-48 bukatu zelarik Karrikabururen alde. 

Aurretik sinatuko genuke holako final orekatua eta indarrak ematen dizkigu datorren urteko txapelketa antolatzeko. Zorionak Jerome eta Davidi. Eskerrikasko parte hartu duten pilotari guziei, antolakuntz jakitun da nolako erronka den..., eskerrikasko ere, frontoira hurbildu diren pilotazale guziei, heldu den urtean gehiago!

No hay comentarios: