lunes, 28 de abril de 2025

ERRAN. EUS- en kronika bikaina

 Zizurren jokatutako lauko final gogoangarrian, Doneztebeko taldeak Anaitasunari 29-27 irabazi zion larunbateko finalerdian eta 24-23 Cantolaguari igandeko finalean

Asteburu historikoa izan da Errekako eskubaloi taldearentzat. Gizonezkoen taldeak Nafarroako liga irabazi du laugarren aldiz Zizurren. Larunbateko finalerdian, aurten elkarren kontra jokatutako hiru partidak (ligako bi eta kopakoa) irabaziak zizkion Anaitasuna taldeari 29-27 irabazi zion Errekak eta igande eguerdiko finalean 24-23 irabazi zion Cantolaguari, Doneztebetik eta Malerrekatik hurbildutako marea urdinaren gozamenerako.

Ezusterik handienak finalerdian izan ziren. Aipatu bezala, Anaitasuna talde handiak ligako bi partidak eta kopakoa irabaziak zizkion Errekari. Hiriburuko taldea ia partida osoa aitzinetik izan zen markagailuan, baita 4-5 goleko aldearekin ere, baina azken txanpa ikusgarria jo zuen Doneztebeko taldeak eta 29-27 irabazita lortu zuen finalerako sailkatzea. Hori ezustea izan baldin bazen, oraindik handiagoa izan zen bertze finalerdikoa. 
Izan ere, lehen fasearen eta txapeldunaren fasearen artean partida bakarra galdua zuen Zizurko BM Ardoi taldeak, etxeko taldeak, 25-26 galdu zuen txapeldunen fasean laugarren izan zen Zangozako Cantolagua taldearen kontra. Beraz, ezusteko finala gelditu zen: txapeldunen faseko lehenengo eta bigarren sailkatuak, finala jokatzeko hautagai nagusiak zirenak kanporatuta, hirugarren eta laugarren gelditutako Erreka eta Cantolaguaren arteko finala.

Halere, ez zen batere final erraza izan Errekarentzat. Cantolaguak ongi ekin zion finalari eta hiru eta lau goleko aldeak hartu zituen lehen zatian. Bigarrenean hurbildu zen Erreka, baina azken bortz minutuak arte ez zuen markagailua berdintzea eta aitzinetik paratzea lortu, neurri handi batean, zaleen babesari esker. Emozioz eta berdintasunez betetako finala izan zen, baina azkenean liga irabaztea lortu zuen Errekak.

Min hartutako Kepa Miguelek eta 55 urterekin oraindik Errekako atea bikain zaindu duen Luismi Apezetxeak hartu zuten txapeldunaren garaikurra eta taldeak Zizurko kiroldegira hurbildutako zaleei eskaini zien.
 
Laugarren aldiz ligako txapeldun
Bertze zenbaitetan lauko finalera ailegatzea lortu baldin badu ere (iaz Lekunberrin, urrunago joan gabe), aitzinetik hiru aldiz irabazi du Nafarroako liga txapelketa Erreka eskubaloi taldeak.

1989. urtean, Txomin Mindegia eta Luis Goñik entrenatutako taldeak lehen aldiz Ligako irabazle izatea lortu zuen. Txantrearen aurka borroka gogorra izan zen. Iruñean berdinketa lortu eta Donezteben gol bakar bategatik irabazi zuen Errekak leporaino bete zen frontoian. Garai hartan ez zegoen Final Four-ik.Liga erregularreko txapeldunak irabazten zuen. Errekak lortu zuen eta Asturiasera igoera fasea jokatzera joan ziren.

Hurrengo denboraldian, 1990ean, bigarren titulua lortu zuten, Luis Goñik zuzenduta.
Urte hartako igoera fasea ez zen egoitza bakarrean jokatzen, baizik eta etxean eta kanpoan. Gogoratzeko modukoa izan zen Donezteben Eibarko Arrateren kontrako partida. Ia bertan behera geratu zen The Zikins peñak piztutako bengalen ondorioz.
Santander eta Logroñon ere partidak jokatu zituzten.

2018-2019 denboraldira arte esperatu behar izan zuen Errekak hirugarren Ligako titulua lortzeko, Iban Mindegia Elizagaren erranetara, Donezteben jokatutako Final Four ahaztezinean. Denboraldia partidarik galdu gabe itxi zuten, urte ahaztezin batean.

2024-25 denboraldian, oraingoan ere Iban Mindegiaren aginduetara irabazi dute laugarren liga.

No hay comentarios: