Duela 50 urte, 1976an, Doneztebeko gazte talde batek pauso bat aitzinera ematea erabaki zuen, ideia argi batekin: herrian eta Malerreka guzian kirola sustatzea. Horrela sortu zen Erreka Kirol Elkartea.
Seguraski orduan haietako inork ere ez zuen pentsatuko ilusioz, lanaz eta herriaren alde zerbait egiteko gogoz sortutako proiektu hura noraino ailegatuko zen. Bortz hamarkada geroago, harrotasunez erran dezakegu hazi ttiki hura zerbait hagitz haundia bihurtu dela.
Egia erran, Erreka beti izan da elkarte ttiki bat. Ttikia neurrian, ttikia baliabideetan eta ttikia hiri haundiekin edo egitura profesionalekin konparatuz gero. Baina hortxe egon da beti bere indargunerik haundienetako bat.
Izan ere, Erreka Doneztebe eta Malerreka guziko elkartea da. Kirolaren inguruan, elkarrekin egindako ahaleginaren inguruan eta herri sentimenduaren inguruan 50 urtez jende aunitz elkartzea lortu duen entitatea.
Gaur egun, klubak ehunka partaide eta bazkide biltzen ditu sail eta jarduera aunitzen bidez: eskubaloia, judoa, pilota, erremontea, mendia, Bortz Kirol, Erreka Dantza Taldea, krossa, txirrindularitza, udako kirol eskola eta herriko zein eskualdeko egunerokoaren parte diren bertze hainbat ekimen.
Eta guzti horrek oraindik ere balio haundiagoa du Erreka boluntarioei esker mugitzen delako.
Entrenatzen duten pertsonak, jarduera desberdinak antolatzen dituztenak, laguntzen dutenak, babesleak bilatzen dituztenak, ixilean lan egiten dutenak eta beren denbora musu truk eskaintzen dutenak, urtez urte elkartea hazten segi dezan.
Hagitz harro gaude denok modu berezi batean elkartzen gaituen filosofia horretaz. Denok norabide berean joatea lortzen duena. Aitzineko belaunaldiengandik jaso dugun ondarea da, eta gibelean heldu direnei transmititzen segitu nahi dieguna.
Diruak dena agintzen duela ematen duen garai hauetan, Errekak oraindik ere erakusten du gauzak bertze modu batera egitea posible dela.
Bertze modu batean lan egitea, bizitzea eta sentitzea.
Eta hain zuzen ere Errekak 50 urte betetzen dituen urte honetan, kirolak ere urte hauetan guztietan ereindakoaren zati bat bueltatu nahi izan dio.
Denboraldi hau betiko geldituko da gure historian, bereziki eskubaloi sailean, lehen urteetatik Errekaren bihotza izan den horretan.
Nafarroan lehen aldiz, klub berak senior mailako bi ligak irabazi ditu denboraldi berean, gizonezkoena eta emakumezkoena. Eta elkarte hori Erreka izan da.
Gizonen taldeak bere historiako bortzgarren liga irabazi du eta lerro hauek idazten ari garen bitartean, ilusio haundiz prestatzen ari gara Alacanten jokatuko duen igoera fasea.
Baina titulu, garaipen eta sailkapenetatik haratago, seguraski hunkigarriena guzti honen gibelean dagoena da.
Entrenamendu bakoitzaren gibelean, partida bakoitzaren gibelean eta antolatzen dugun jarduera bakoitzaren gibelean urteetako lan ixila dago, belaunaldi osoek Errekaren barrenean hazteko aukera izan dezaten beren denbora eta ahalegina musu truk eman duten pertsonena.
Horregatik, momentu berezi hau lehenago egon zen jende guztiarena ere bada. Kluba behetik eraikitzen lagundu zutenena, gaur gure artean ez daudenena eta hamarkadetan zehar lanarekin, ilusioarekin eta konpromisoarekin proiektu hau bizirik mantendu duten pertsona guziena.
Eskerrik asko entrenatzaileei, monitoreei, boluntarioei, bazkideei, laguntzaileei, babesleei eta Doneztebeko Udalari, egunero bultzaka segitzeagatik elkarte honek hazten segi dezan.
Eta noski, Errekak ateak zabalik segituko du lagundu, ideia berriak ekarri edo bere alea jarri nahi duten guztientzat. Bakoitzak ahal duen moduan ekartzen du berea, eta denak dira ongietorriak.
Izan ere, gaur Erreka bere historiako momenturik politenetako bat bizitzen ari bada, pertsona horiei guztiei esker da.
Eta ederrena da pentsatzea hau ez dela hemen akitzen.
Bertze 50 urtez… eta aunitzez gehiagoz.
%20(1).jpg)
%20(1).jpg)
%20(1).jpg)
No hay comentarios:
Publicar un comentario