viernes, 24 de junio de 2011

Errekaren Eguna Ttipi-Ttapan

Doneztebeko Erreka Elkarteak denboraldia agurtzeko egun handia ospatu zuen ekainaren 18an. Bezperan, ortziral arratsaldean ere izan ziren zenbait ekitaldi, zine proiekzioa eta mus txapelketa, erraterako. Mus txapelketan 30 bikote aritu ziren eta Jon Apeztegiak eta Aritz Baleztenak eskuratu zituzten bi urdaiazpikoak, finalean Leire eta Landerri irabazita. Baina egun handia larunbata izan zen, eta protagonista nagusia eskubaloia.


Goizez, kategoria ttikietako neska-mutikoak aritu ziren eskubaloian eta judo eskolakoek ere erakustaldia eskaini zuten.

Arratsaldez, eskubaloiak segitu zuen eta ikusmin handiko partidekin gainera. Lehenik, mutiko kadeteak aritu ziren eta gero, Erreka B taldea, garai bateko jokalarien kontra aritu zen. Azken hauek eskubaloian aritzea ez zaiela atzendu erakutsi zuten eta partida irabaztea lortu zuten. Baina onena ailegatzeko zegoen: Errekako talde nagusia, talde handietan aritzen diren jokalariek osatutako Izarren ekipoaren kontra aritu zen. Etxekoek 29-44 galdu zuten, baina guttienekoa emaitza izan zen. Izarrekin, Amaya San Antonio Taldeko Niko Mindegia eta Ibai Meoki doneztebarrak aritu ziren, baina hauekin batera, Crowley, Agirrezabalaga, Tajadura, Peciña, Mouriño (eskubaloi jokalaria, ez Real Madrileko futbol entrenatzailea), Chavarri, edo Espainiako selekzioan aritzen den Eduardo Gurbindo, Valladolid taldeko jokalari nafarra ere aritu ziren, kiroldegiko harmailak bete zituzten zaleen aitzinean. Norgehiagoka zuzentzeko ere, Asobal ligako bi epaile onenetakoak hurbildu ziren Doneztebera, Belloso eta Bustamante.

Dantza taldeak ere eskaini zuen bere emanaldia partidaren atsedenaldian eta arratsean bestak segitu zuen Santa Luzia plazan, afariarekin eta Jalisko Band taldearekin izandako gaupasarekin. Afalondoan, Errekaren himnoa sortu zutenei, Joxe, Ainhoa, Cecilia, Mariñe, Zunzarren eta Mikel Rekarteri omenaldia eskaini zitzaien.

No hay comentarios: