martes, 11 de junio de 2013

Ttipi Ttapa-ko web gunean

Doneztebeko Errekaren Egun zoragarria izan zen ekainaren 8koa. Ortziraletik izan ziren ekitaldiak, eta bereziki larunbatean egun bikaina izan zen. Pilota, judoa, mendia, dantza eta eskubaloia uztartu zituzten, Elkartearen sekzio guztien lana plazaratzeko. Akitzeko afaria eta gau-pasa izan zuten Santa Luzia plazan eta jarritako karpari esker, euriak ez zuen besta zapuztu.


Ortziral arratsean, Igor Agestakmendi eskaladari buruz emandako proiekzioak jende aunitz bildu zuen Leku Eder Zineman. Ondotik, mus txapelketa jokatu zen. 29 bikote aritu ziren eta Nuria eta Imanolek eraman zuten txapeldunen bi urdaiazpikoak etxera, finalean Eduardo Oiartzabal eta Juan Mari “Johan” Artazkoz-i irabazita.

Larunbat goizean ttikienen mailako eskubaloi partida ederrak ikusteko aukera izan zen, alebinak beraien artean, Erreka eta BKTko neska infantilen artekoa eta infantil mutikoen Erreka-Anaitasuna (kopako txapeldunak Doneztebekoak eta ligakoak Iruñekoak).

Eguerdian erakustaldia eskaini zuen Judo Eskolak. Arratsaldeko ekitaldiek benjaminen eskubaloi partidarekin hasi zen eta gero jende aunitzek espero zuen partida jokatu zuten aurten jubeniletan aritu direnek Errekako jokalari ohi beteranoen kontra. “Zaharrak” aitzinetik ibili ziren kasik partida osoan, baina azkenean Txomin eta Iban Mindegiak prestatutako gazteen sasoia nagusitu zen. Gero, Triangular haundia jokatu zen Erreka A, Erreka B eta Izarren Taldearen artean. Errekako talde seniorra bi taldetan banatua eta Izarren konbinatu bat. Azken honetan ezin izan zuen Niko Mindegiak jokatu, Espainiako selekzioarekin konbokatua baitzegoen, baina bai Anaitasunan ari den Ibai Meoki herritarra, Chenge Martinez, Julen de Carlos, Javier Tajadura eta bertze hainbat jokalari handi. Izarren taldeak lortu zuen garaipena. Partiduak hasi baino lehen, omenaldia eskaini zitzaion aurten kopan txapeldun eta ligan azpitxapeldun izan den infantilen taldeari eta izarren taldekoen eskutik jaso zuten oroigarria jokalariek. Gero, Errekako lehen taldeko jokalariek koadro bana eman zioten azken bi urteetan entrenatzaile izan diren Felipe Ganboa, Patxiku Ganboa eta Luismi Apezetxeari.

Partiduen artean Errekako Dantzariek erakustaldia eskaini zuten eta hainbat zozketa ere egin ziren. Santa Luzia Plazako karpan egindako herri afarian 130 bat lagun bildu ziren. Bertze omenalditxo bat ere egin zen afarian, Jabiertxo Almandoz diruzainaren lana eskertuz. Afaria eta afalondoa borobiltzeko, gaupasa izan zen DJ Luismi-rekin.

No hay comentarios: