martes, 10 de junio de 2014

Errekaren Eguna arrakastatsua eta hunkigarria suertatu zen Donezteben

TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)
 
Errekaren Eguna ospatu zen ekainaren 7an, larunbatean Donezteben eta ohiko eskubaloi partida eta judo edo dantza erakustaldien gain, omenaldia eskaini zitzaien Santi eta Samba San Miguel anaiei eta Polonian zegoen Niko Mindegiarekin bideokonferentziaz gozatu ahal izan zuten afarira bildutakoek.
 
Baina Errekaren Eguneko ekitaldiak bezperan, ortziralean hasi ziren. Mendi-diapositibak ikusgai izan ziren Peioko Larrazaren eskutik Leku Eder Zineman: Atzera begira ikusentzunekoa eskaini zuen eta ikusleak ere halaxe jarri ziren, gibelera begira, urteetan ateratako argazki pila ikusteko aukera izan baitzuten. Santa Luzia Plazan Mus Txapelketa jokatu zuten 30 bikotek eta finalean, Manuelxo eta Anak irabazi zieten Beñat eta Apezetxeari.
 
Noski, Errekaren Egun handia larunbata izan zen. Goizean goizetik hasita kiroldegian eskubaloi partidak jokatu zituzten alebin, infantil eta kadete mailako jokalariek. Eguerdian Errekako Judo Eskolakoek erakustaldia eskaini zuten. Arratsaldean ere Prealebin mailakoak aritu ziren eskubaloian.
Ttikienen partida horren ondotik, Errekaren Eguneko ekitaldi nagusiak hasi ziren. Beteranoen eta jubenilen arteko partida orekatuan, zaharrek gol bakarrarengatik irabazi zuten. Partida honen ondotik, Errekako dantzari gazteek erakustaldia eskaini zuten eta segidan, Erreka eta Asobal mailako jokalariez osatutako Izarren taldearen arteko partida jokatu zen. Izarrak nagusitu ziren. Ondoren zozketak egin ziren eta sorpresaren bat ere izan zen. Erraterako, 800 dukado mendi maratoia ezagutzera emateko, Euskal Herriko selekzioko kideak izan ziren kiroldegian. Errekako Emakume Korrikalari Taldeko emakumeekin laisterka egin zuten.
 
Herri afariak 125 lagun bildu zituen Santa Luzia Plazan. Santi eta Alejandro “Sanba” San Miguel anaiak omendu zituen Errekak, elkartearen alde urtetan egindako lana eskertzeko. Sanba mendi atalean buru-belarri ari da eta Santi atletismoan, baina bertze edozer lanetan laguntzeko presta agertu dira beti. Omenaldiaren ondotik, bertze ezuste haundi bat ere izan zen. Polonian Espainiako selekzioarekin kontzentratua dagoen Niko Mindegiarekin bideokonferentziaz solasteko aukera izan zuten afarira bildutakoek. Nikok Errekak egindako lana eskertu zuen, jokalari eta pertsona moduan osatzeko lagundu diotelako.
 
Akitzeko, gaupasa izan zen Oihan Vegarekin.

No hay comentarios: