lunes, 23 de febrero de 2015

MALERREKAKO PILOTA TXAPELKETAREN FINALAK

TTIPI-TTAPA ( www.ttipi.net)

Otsailaren 21ean jokatu zituzten Erreka elkarteak hamahirugarren aldiz antolatutako Malerrekako eskuz binakako pilota txapelketaren zazpi finalak 500 bat ikusle bildu zituen Doneztebeko pilotalekuan. Aurten partida guztiak larunbat goizez jokatu zituzten eta elite mailako final nagusian, Txukun Lakuako Mendinuetak eta Ander Imaz oiartzuarrak 22 eta 17 irabazi zieten Ugaitz Elizalde iturendarrari eta Iñaki Eskudero eratsundarrari. 
Benjamin mailako finalean, Lazkaoko Zubizarreta eta Iribarriak 18 eta 6 irabzi zieten Errekako Agesta eta Erbitiri.
Alebin mailan, Añorgako Amiano eta Unanuek 18 eta 9 irabazi zieten Naxerako Matteo eta Orozkoko Arbaizari.
Infantiletan, Oberenako Oskoz eta Cuarainek, 18 eta 9 irabazi zieten Barberito I.eko Ariztegi eta Bobadillari. 
Kadete mailan, gipuzkoarren arteko lehian, Lazkaoko Zubizarreta eta Aginagako Arangurenek 18 eta 7 irabazi zieten Zazpiturriko Zabala eta Zubeldiari.
Jubeniletan, Zugarraldeko Ansok eta Lazkaoko Garmendiak 22 eta 9 irabazi zieten Zestoako Illarramendi eta Aranberriri.
Bigarren mailako seniorretan partida ikusgarria eta berdindua suertatu zen, lehen zatian batez ere. Aurrera Saiazeko Mendy eta Imazek 22 eta 15 irabazi zieten Hernaniko Urkizu eta Lizeagari, baina galtzaileak 12-14 irabazten ere egon ziren. Gero, txapeldunek 9-0ko partzialarekin buelta eman zioten markagailuari eta txapela eskuratu zuten.
Elite mailako finala ere bikaina suertatu zen. Hemen ere, lehen zatian berdinketa ugari izan ziren, baina azkenean, Txukun Lakuako Mendinuetak eta Oiarpeko Ander Imazek 22 eta 17 irabazi zieten Errekako Ugaitz Elizalde iturendarrari eta Ardoi taldean ari den Iñaki Eskudero eratsundarrari. Aitzineko koadroetan tantu bikainak egin zituzten bi aurrelariek eta azken zatian gibelean hautsi zen norgehiagoka, Eskuderori gehiago somatu baizitzaion nekea.
Finalen ondotik, sari banaketaren txanda izan zen eta BigMat Menditxuri babesle nagusiaren, Udalbide edo Pilota Federazioko eta bertze erakunde laguntzaileen ordezkaritzarekin batera, Pedro Arozarena Nafarroako Gobernuko ordezkaria, Doneztebeko Udaleko Miguel San Miguel alkatea eta Oskar Mindegia zinegotzia edo Joseba Legarra Errekako presidentea izan ziren ekitaldian. Minutuko isilunea ere gorde zen, berriki hil den Julen Juankorena Errekako pilotariaren aitaren omenez. Binakako txapelketaren sariak ez ezik, Errekako pilotarien artean jokatu den lau eta erdiko txapelketaren sariak ere banatu zituzten. Sari banaketaren ondotik, nola ez, bi urdaiazpiko zozketatu zituzten eta ehun bat pilotari, pilotazale eta laguntzailek bazkaria izan zuten Santamaria jatetxean.

No hay comentarios: