C. D. Erreka KE-k gaurko eguerdian hartu du Iruñean 2014ko Nafarroako Kirol Elkarte hoberenaren saria, beraz Erreka bere osotasunean zoriontzeko ordua dugu eta bai gustora egin ere.

   Zorionak ba Erreka eta Errekazale eta laguntzaile zareten guztiei, guzti-guztiena baita saria hau eta guztiak baituzue saria jasotzearen "kulpa" pixka bat.

  Gaurko eguna markatuta geldituko da Errekaren ibilbidean urrezko eguna bezala, izan ere, Nafarroako Gobernuak, beraz Nafarroak, gure elkartea horrela nabarmendu nahi izatea eta horrela egitea izugarrizko meritua baitauka eta harro sentiarazi gaitu.

   Nafarroan kirol elkarte aunitz eta hagitz sendoak ari dira lanean gure gisa sekulako gizalana egiten hiri eta herrietan, eta horien denen artean gurea nabarmentzea eta hautatzea sariduna izateko ilusioz bete egiten gaitu eta baita sekulako indarra ematen ere gure eguneroko lanean jarraitu ahal izateko.

   Urte aunitzetako lanaren errekonozimendutzat hartzen dugu sari hau eta pozik hartzen dugu berria Malerrekatik kanpo ere gure lana ikusi dutelako eta horrela adierazi, nondik eta Nafarroako Gobernutik hain zuzen ere.

   Duela urte franko "lainoaren umeak" bere bidea egiten hasi ginenetik denbora eta gauza aunitz pasatu dira gure bizitzetan eta baita gure inguruan ere, baina tinko darrai gure bihotzetan oraindik hasiera hartan elkartu gintuen idea ximple eta garbi harek.......Kirolarekiko maitasuna eta grina, hori baita elkartzen gaituena eta gure baitan eta gure inguruan urte hauetan zehar deus aldatu ez dena.........segi beza dagoen lekuan urte aunitzetarako.

   Erreka sentimentu bat bihurtu zaigu eta erabat harro  gaude horretaz.

   Lainoaren umeak,  zeruaren koloreak........

   Sasoiaaaaaaaaa......!!!!

TXOMIN MINDEGIA