Larunbatean
kiroldegia beteta zegoen partidua jokatu baino ordubete lehenago. Asko sufritu
eta gero, eta zaletuen animoen ezinbesteko laguntzarekin, Cantolagua taldeari
25-22 irabaztea lortu genuen eta final handirako sailkatu ginen.
Igandea ailegatu zen. Loyola zen finaleko
aurkaria eta sasoi betean zetozen. Norgehiagoka oso bizia ikusi genuen eta
berdintasuna izan zen nagusi. Horren adibide argiena da Loyolak berdinketa
lortu zuela partidua bukatzeko 30 segundoren faltan. Kolpe gogorra izan zen.
Baina ez genuen amore eman eta erditik azkar batean atera genuen azkeneko
erasoa ahalik eta ondoen jokatzeko.
Proiektu hau posible egiten duten
babesleek. Ilusioz beteta eta izugarrizko lana egiten duten harrobiko
entrenatzaileek. Klubeko atal guztietako kirolariek. Dena aintzinera ateratzeko
lan isila egiten duen Zuzendaritza Batzordekoek. Eta, nola ez, partiduko 60
minutotan etengabe animatzen ibili ziren gure zaleek, Marea Urdinak. Azken
finean, errekazale GUZTI-GUZTIEK bultza egin genuen, 12 segundoren
faltan, Iñigoren eskuetan zegoen baloi hori barrura sartzeko. 32-31.
28 urte eta gero… LIGAKO TXAPELDUNAK! Kiroldegian poza lehertu zen. Besarkada aunitz.
Eta zergatik ez onartu, emozioak eragindako hainbat malko. Batez ere, ametsa
zena egi bilakatzeko gorputz eta arima lan egin duten pertsonek botatakoak.
Lauko Finala eta gero, Kopa irabaztea
lortu genuen, DOBLETE HISTORIKO bat
lortuz. Hori gutti ez balitz, Oier Berasategi denboraldiko jokalari onena
izendatu zuten eta gure zalegoa, Nafarroako hoberena. Gainera, herritik kanpo
ditugun gure bi izarrek ere berri bikainak eman dizkigute: Niko Mindegiak
Frantziako Kopa irabazi du Chambery taldearekin, eta Ibai Meokiri Asobal
mailako nafar onenari saria eman diote Anaitasunarekin denboraldi bikaina egin
ondoren.
Liga eta Kopa eskuratu eta gero, Zarautzera joan ginen
Lehen Mailarako igoera fasea jokatzera. Zarautzen zegoen maila oso handia zen,
baina taldeak erakutsi zuen edonoren aurka lehian aritzeko gai zela. Ez genuen
igoera lortu, baina denboraldi hasieran helburu hori lortzea ez genuen
planteatu ere egiten. Dena dela, herria taldearen inguruan elkartzea lortu
genuen, bertze behin ere. Emozioz betetako asteburua izan zen, inoiz atzenduko
ez duguna eta Errekako historiara pasako den denboraldiari urrezko brotxea
jarri genion.
Baina Errekak, eskubaloiaz gain, beste
hainbat kirol ditu, eta horietan ere buru-belarri gabiltza lanean:
Mendi Egunak kirol honetako hainbat zale biltzen ditu. Aurten Julen Errandonea izan da
gonbidatu nagusia. Gainera, gure ezinbesteko ateraldiekin jarraitzen dugu:
Bonozorrotz, Saioa eta Mendaur.
Triatloi atalak, Erreka Tri, poz handiak ematen dizkigu. Maila indibidualean
zenbait aldiz igo gara podiumean, baina bereziki nabarmendu nahi dugu
Eguesibarren Nafarroako taldekako duatloi txapelketan azpi-txapeldun geratu
ginela. Gainera, lehen aldiz, ziklismo
talde bat antolatu dugu, Master kategorian.
Donezteben pilotak erreferente izaten jarraitzen du Errekak maila handiko bi
txapelketa antolatzen dituelako: Malerrekako Txapelketa eta Josetxo Ezkurra
Memoriala. Esku-pilotaz gain, erremonteak
ere gure klubean leku berezia du, ezin zen bertzela izan gurea bezalako
eskualde erremontezale batean.
Noelia Ariztiak
eta Oskar Mindegiak Errekako Judo
eskola zuzentzen dute. Asko izan dira emaitza onak lortu dituzten judokak: 3
domin benjaminetan, 7 alebinetan eta 3 infantiletan. Baina Iban Arambelek
egindako lana nabarmendu nahi dugu, bere kategoriako Nafarroako txapelduna izan
da, eta, ondorioz, Valentzian jokatutako Espainiako Txapelketan parte hartu du.
Bada etorkizuna!
EKT, Errekako emakume
korrikalarien taldea da, bere ibilbidea 2013an hasi zen, eta astero biltzen
dira entrenatzeko. Herri Krossa eta San Silvestre lasterketan modu aktiboan parte hartzeaz gain,
taldearen egutegian Lilatoi lasterketa gorriz markatuta dute.
Eta Erreka
Dantza Taldeaz ere ez dugu atzendu nahi, baina aldizkari honetan espazio
berezia du.
Errekak antolatutako krossak 41.
urteurrena betetzen du aurten eta argi dago sasoi betean mantentzen dela.
Doneztebeko San Silvestre lasterketa, aldiz, gazteagoa da, baina herritarren
artean ospe handia lortu du. Azken edizioan 275 lagunek parte hartu zuten eta
lasterketak elkartasun keinu bat egin nahi izan zuen ADANO elkartearekin.
Azken bi
urteetan Udako Kirol Eskola berreskuratu dugu, oporretan haur eta gaztetxoen
aisialdi eskaintza aberasteko helburuarekin. Horretaz gain, urtero Xabierrera
egiten dugun ateraldiarekin jarraitzen dugu.
Berrikuntza
bezala, aipatu nahi dugu eskualdeko bertze hainbat kirol elkarterekin batera,
haur eta gaztetxoendako ziklismo lasterketak berreskuratzeko proiektu eder
batean murgilduta gaudela.
Eta denboraldia behar bezala akitzeko,
Errekaren Eguna ospatzen dugu, Klubaren urteroko besta paregabea.
Honenbestez, agur erranen dizuegu, lanean
gogor jarraituko dugula zin eginez. Hurrengo denboraldian aurten disfrutatu
dugunaren erdia gozatzen badugu, asko izanen da. Bitartean San Pedro bestez
ahalik eta gehien gozatu. Errekazaleek arrazoi aunitz ditugu hori egiteko. Gora
Doneztebe eta Aupa Erreka!
No hay comentarios:
Publicar un comentario