lunes, 14 de noviembre de 2022

Bortz Kirol: De Rueda vs Ugalde


Azaroak 13an, Doneztebeko bortz kirolaren lehen jarduanaldia itxi duen partida jokatu da, Imanol de Rueda doneztebarra eta Andoni Ugalde oiartzuarraren artean. Aurrez lehia berdindua espero zen, eta halaxe suertatu da.

Xarean Ugalde nagusitu da, ezkerrarekin pilota ongi eta azkar mugituz, eta bere aldeko 20-9ko bat lortuz. Jarraian joko garbiarekin hasi dira, eta hasiera batean De Ruedak abantailatxo bat lortu badu ere, Ugaldek ez du etsi, nahiz eta azkenean partida De Ruedarendako izan den 20-17ko markagailuarekin. 

Eskularruarekin bi pilotari hauek jokatu duten partida izan da segur aski lehen jardunaldi honetako partidarik ederrena, De Rueda faborito bazen ere, Ugaldek gauzak uste baino zailago jarri dizkio eta partida oso gogor eta fisiko baten ondoren 20-16ko markagailua izan da Doneztebekoaren alde. Horrela lau tantoko abantaila alde zuen Ugaldek paletako partidarekin hasi direnean.

Bertan, De Rueda fisikoki osoagoa zegoela ikusi da, eta oso partida sendoa jokatuz, 20-8ko batekin irabazi du. Dena zegoen airean, De Ruedak 12 tanto behar zituen partida irabazteko, baina faborito nagusia Ugalde zen, bere jokamolde kuttuna izaki, dena den fisikoki larri ikusi zaio paletan, eta horrek partida irekia uzten zuen.

Eskuz Ugalde saiatu da abiadura eman eta bere nagusitasuna erakusten, partida bere aldera eroriko zela zirudien, baina arazo fisikoak izaten hasi da, izan ere ordurako 2 ordu baino gehiagoko partida zeramaten eta.. Dena den, azkenean eta kalanbreak jota bada ere, Ugalde nagusitu da eskuz, De Rueda 5ean utziz... Honela, orotara 81-74 ko markagailua izan da Ugalderen arte. Zinez partida gogorra, eta azpimarragarria bi jokalari hauek horren denbora gutxian Xare eta joko garbian lortutako maila. Datorren asteburuan bigarren jardunaldia ospatuko da, laster ordutegiak jarriko ditugularik.

No hay comentarios: