jueves, 27 de junio de 2024

Bestetako aldizkarirako


 Azken urteetan bezala, Doneztebeko Udalak eskaintzen digun tarte hau baliatuko dugu  Erreka Kirol Elkartearen denboraldiaren laburpen bat egiteko. 

Gure mendi sekzioak 137 federatu ditu gaur egun. Euskal Herriko eta Nafarroako Federazioak antolatutako "100 urte, 100 mendi" ekimenean parte hartu genuen, Mendaurrera igoera eginez. Nola ez ohiko ateraldiak ere izan ditugu. Abenduak 24an Saioara joan ginen, 31an berriz ere Mendaurrera eta Mendiaren Egunean Bonozorrotzera. Egun horretan Mustaza sherpa eta Alex Txikon izan genituen Donezteben, Manaslura egindako espedizioaren berri emateko. Zinea leporaino bete genuen, sarrera guztiak agortuz. Alexen laguntza eta bertaratutakoen eskuzabaltasunari esker, 1.700 euro lortu genituen Mustaza Sherpa eta bere familiarentzat.

Herria laisterka jarri dugu. Lehendabiziko herri krossean, orain ere ate joka duguna. Eta nola ez hainen arrakastatsua dugun San Silvestrean. 255 korrikalari izan genituen Doneztebeko alde zaharra betetzen. Aurten ere kutsu solidarioa izan zuen probak. "Pequeña Guerrera" elkartearen alde 1.200 euro lortu genuen denen artean. Mila esker lagundu zenuten guztiei, elkartasun adibide ederra eman genuen eta!

Eskubaloi federazioak antolatuta Nafarroa guztiko jokalariak izan genituen udan Donezteben egin zen kanpusean.

Formakuntza ere ez dugu alde batera utzi eta gure eskubaloi entrenatzaile guztiek lehen sorospen ikastaroa burutu dute " El ABC que salva vidas" elkartearen eskutik.

"Erosi herriko komertzioetan" kanpainan parte hartu genuen. Ezin zen bertze moduan izan. Gure herriko komertzio eta enpresa ttikiei esker ari zara, momentu honetan, lerro hauek irakurtzen. Gora zuek eta, bertze behin ere, ESKERRIK ASKO!

Bortz Kirol txapelketaren bigarren edizioa izan dugu. Zortzi pilotarik parte hartu dute pilotako bortz modalitate biltzen dituen kirol honetan ( esku pilota, laxoa, joko garbi, xare eta paleta goma). Jerome Karrikaburu izan da berriz ere txapeldun, kasu honetan David Albiasuren kontra finala irabazi eta gero. Dagoeneko hirugarren edizioan pentsatzen ari gara.

Gure ohiko sekzioen errepasoarekin hasi aurretik pare bat aipamen:  Eguberriko saski Paregabea Azpeitira joan da aurten eta komunikazio arloan erran orain Tik Tok-en ere gaudela.

Gure pilota eskolak aintzinera egin du Ugaitz Elizalde monitorearen eskutik. Eskertu Patxi Ordokiri urte guzti hauetan egindako lan guztia.

Erremonteak ere ez du hutsik egin. Nabarmendu Labriten jokatutako Nafarroako Klub arteko erremonte txapelketaren finalean Errekaren 4 pilotari egon zirela.

Nola ez, Erreka Dantza taldea ere aipatu behar dugu. San Pedro bestetakoaz gain, azaroan "Katebegi" izeneko ikuskizun izugarria eskeini ziguten polikiroldegian.

Gure txirrindulari eta triatletak errepideetan izan ditugu bertze behin ere.

Judo eskola jo eta ke ibili da denboraldi guztian zehar. Hainbat txapelketetan parte hartu eta domin ugari lortu dituzte. Nabarmentzekoa Gaxuxa Zelaieta Eulate Espainiako Txapelketan izan genuela, Nafarroako txapeldun izan ondoren senior mailan, nahiz eta oraindik kadetea izan. Andrea Mindegia Iribarrenek Judo adaptatuan gerriko beltza lortu zuen. Duela aste batzuk, pasa den urtean bezala,  Nafarroako txapeldun izatea lortu du. Segi horrela!

Eskubaloi denboraldiak  zer erran aunitz eman du. 230 jokalari izan ditugu 9 taldetan banatuak, inoiz izan dugun kopururik altuena. Ez da erraza hori dena aintzinera ateratzea, baina 26 entrenatzaile eta laguntzaile izan ditugu gogor lanean. Gaur egungo gizarte honetan ez da ohikoa hainbertze jende mugiaraztea bolondres gisa aritzeko. ESKERRIK ASKO bihotz-bihotzez. Zuek bezalakoekin, edozein lekura joan daiteke! Haundiak zarete!

Senior neskek bere bigarren denboraldia osatu dute, progresio bikaina erakutsiz. Bada etorkizuna nesketan, bai horixe. 

Mutilek, bortz urte beranduago, Final Four batean sartzea lortu zuten, Liga irabazteko borrokan. Astean zehar komertzioak eta balkoiak urdinez jantzi ziren. Eta asteburuan marea urdina Lekunberrira joan zen, ilusioz beteta. Genuen guztia kantxan utzi arren, ezin izan genuen finalerdia irabazi, baina hainbertze errekazale han ikustea ikaragarria izan zen.

Eta hau dena borobiltzeko... KOPA TXAPELDUNAK izanen ginen Donezteben jokatutako finalean. Herri guztia polikiroldegian ikustea, han sumatu zen energia, indarra... Sekula ahaztuko ez dugun partidua.

Lerro hauek irakurtzen dituzunean, Errekaren Eguna igaro izanen da, errekazale guztien besta haundia.   Zer erran... Aurten inoiz baino hunkigarriagoa. Hitzak soberan dira. Zuengatik. Ainara eta Joxe, ahaztezinak zaretelako.

Goza ditzagun bestak haiek eginen luketen bezala. Gora San Pedro!

No hay comentarios: