viernes, 24 de junio de 2011

Bestetako aldizkariko artikulua

Somatzen zen bai, Errekako talde hark bazuela zerbait ere berezia. Gehienbat 88an jaiotako mutilek osatua, Nafarroako Kopan azpitxapeldun eta Ligan bi aldiz hirugarrenak izatea lortu zuten, San Antonio eta Anaitasuna boteretsuak estu eta larri eduki arte.


Txomin Mindegia berak, taldeko entrenatzaileak, esku tartean zuen ekipo hark poztasun aunitz emateko gai izanen zela konturatzen hasia zen ordurako. Eta horrela izan da. Niko Mindegia eta Ibai Meoki, guztien artean gehien nabarmentzen ziren jokalariak, eskubaloiaren punta-puntan daude gaur egun.

Ibaik 10 urte zituenetik Errekan jokatu zuen. 18 urte beteak zituenean, dagoeneko senior mailan, herriko taldea utzi eta San Antonioren bigarren taldera joan zen, TID izenekoa. Bi urte t’erdi egin zituen bertan, eta Valladoliden jokatu zen Copa Asobal-aren barrenean, debuta egin zuen lehen taldearekin. Hurrengo denboraldian Anaitasunan utzita bezala jokatu zuen, berriz ere, aurtengo sasoian, San Antoniora bueltatzeko. Selekzio mailan Egipton izandako Junior mailako Mundiala jokatzera ailegatu da. Aurtengo denboraldiaren balorazioa eskatu diogunean hauxe aitortu digu: “Hagitz positiboa izan da. Ez nuen espero hainbertze minutu jokatzea, ezta jokatu duten mailan aritzea ere”. Bere lanak ordaina izan du, izan ere, hiru denboraldirako luzatu berri du bere kontratua.

Nikok ez du aurkezpenik behar. Amaya Sport taldearen liderra, bere progresioak mugarik ez duela ematen du. Ttiki-ttikitatik Errekan aritua, jubeniletan San Antoniok fitxatu zuen. TID-en jokatu eta gero, Anaitasunan aritu zen utzita bezala. Han, Juanto Apezetxea, bere oraingo entrenatzailearen agindupean egon zen. Hortik eskubaloiko maila nagusira salto egin zuen eta hirugarren urtea egin du Asobalen.

Gauzak horrela, aurtengo denboraldia benetan bikaina izan da berarentzat. Izan ere, kadeetan hasi eta selekzio guztietan jokalari erabat garrantzitsua izan ondoren, Valero Riveraren eskutik Espainiako Selekzioa nagusian debuta egin du: “Egia erran bapatean etorritako berria izan zen. Entrenamenduak oso dinamiko eta dibertigarriak izaten dira han, gainera jende hain onarekin entrenatzea asko nabaritzen da. Nik ikusi dudanez giro eta erlazio ona dago denen artean”.

Bertzalde, ez zen bidezkoa izanen Juanto Apezetxearen lanaz atzentzea. Oieregin jaiotakoa, Errekan aritu zen jokalari eta entrenatzaile gisa. Itxako hartu eta Europara lehen aldiz sailkatzea lortu zuen Lizarrako taldea. Anaitasunarekin ere bi denboraldiz Asobalera igotzeko puntuan egon da. Aurtengo sasoian San Antoniok Liga txapelketa ona osatu eta Europako Errekoparen finalerdietara ailegatzea lortu du, abuztu aldera inork ere pentsatuko ez lituzkeen markak, egia erran.

Ikus dezakezuen bezala Errekako harrobiaz harro egoteko arrazoiak ez dira falta. Gaur egun ere momentu hagitz onean dagoela baieztatu dezakegu. Horren seinale 2010/2011 denboraldi honetan 150 haur eta gazte inguru aritu direla gurekin eskubaloian, 8 taldetan banatuak, eta horietako batzuk Nafarroako Selekzio desberdinetan. Beraz, batzuek, Niko eta Ibai, piramidearen puntan daude, baina ez dugu atzendu behar piramideak oinarri ona behar duela zutik irauteko, Erreka, hain zuzen ere.

Guzti hau ez zen bideragarria izanen komertzio, babesle eta instituzioen laguntzarik gabe, eta are guttiago, Zuzendaritza Batzorde, entrenatzaile eta delegatuek burutzen duten lana gabe, beti ere gogo eta ilusio itzelarekin egindakoa gainera. Horren emaitza nabarmena da gure jokalarietako bi gailurrean ikustea.

Nork daki, agian horietako bat Joku Olinpiko batzuetan ikusteko aukera izanen dugu, Londres 2012an, adibidez. Seguruenik ere, 1976.urtean Elkartea sortu zutenen artean baikorrenak ere amets ez zezakeen helburua. Nola nahi ere, 35 urte hauetan zehar, Erreka Kirol Elkartea, inoiz baino biziagoa egotea lortu duzuen guztioi…Eskerrik asko!!!

Ongi pasa herriko bestak! Gora San Pedro!

PABLO ELIZONDO

No hay comentarios: